Talde andoaindarrak denboraldiaurreko XV. txapelketa jokatuko du larunbat honetan, irailaren 12an; taldeen aurkezpena aldiz, irailaren 18an izango da

Leizaran Eskubaloiak dena prest du denboraldi berriari ekiteko. Euren taldeek parte hartuko duten liga lehiaketa gehienak irailaren 19-20ko asteburuan hasiko dira, baina lehenago Andoaingo taldeak bi jardunaldi berezi biziko ditu, motorrak berotu eta kirol ikasturte berriari hasiera emateko.

Lehenengo hitzordua larunbat honetan izango da, irailaren 12an, Leizaran Eskubaloiaren denboraldiaurreko XV. txapelketa. Bertan, infantil, kadete eta jubenil mailetako gizonezkoen taldeek hartuko dute parte. Lehen faseko norgehiagokak Arrate pilotalekuan zein Allurralde kiroldegian jokatuko dira; arratsaldean, aldiz, Allurralden izango dira final guztiak. Txapelketan hainbat klubek hartuko dute parte, tartean Leizarango taldeen aurka arituko diren Saieko (Donostia), Urola (Zumarraga), Egues, Burlada eta Txingudi (Irun). Lehiaketa 9:00etan hasiko da eta arratsaldera arte luzatuko da, sari-banaketa izango den arte. Jardunaldia ixteko, 19:15ean, Leizaran Ernio Inmobiliaria gizonezkoen senior taldeak Burlatako taldearen aurkako norgehiagoka jokatu du.

14 taldez osaturiko denboraldia

Bigarren hitzordu nagusia irailaren 18an, ostiralean izango da, Ligako txapelketak hasi bezperan. 18:30etan, Leizaran Eskubaloia 2026-2027 denboraldian ordezkatuko duten taldeen aurkezpen ofiziala egingo da Allurralde kiroldegian.

Klubak 14 talde izango ditu ikasturte honetan, infantilen kategoriatik hasi eta seniorretaraino, Gipuzkoako liga ezberdinetan parte hartuko dutenak. Zehazki, Leizaranek izango ditu:

  • bost talde infantiletan, hiru emakumezkoenak eta bi gizonezkoenak,
  • lau kadete, bi emakumezkoenak eta bi gizonezkoenak,
  • hiru jubenil, emakumezko bat eta gizonezko bi, eta
  • bi talde senior, emakumezko bat eta gizonezko bat.

Horiei benjamin eta alebin mailek osatzen duten Eskubaloi Eskola gehitu behar zaie.

Guztira, 276 jokalarik eta 30 entrenatzailek osatuko dute klubaren kirol egitura denboraldi honetan, astez aste entrenatzen eta lehiatzen arituko direnak.

Denboraldia martxan da

Ligen hasiera ofiziala irailaren 19-20ko astebururako aurreikusita badago ere, Leizarango taldeek hainbat aste daramatzate ikasturte berria prestatzen. Abuztuaren amaieratik, jokalariak entrenamenduetan sartzen joan dira pixkanaka, eta zenbait taldek lagunarteko lehen partidak jokatu dituzte jada.

Denboraldiaurreko XV. txapelketa, beraz, aukera berri bat izango da gizonezkoen taldeek lehiaketa ofiziala hasi aurretik euren prestaketa probatzeko; irailaren 18ko aurkezpenak, berriz, 2026-2027 denboraldian Leizaranen koloreak defendatuko dituzten talde guztiak publikoki ezagutzera emateko aukera emango dio klubari.