Leizaranek denboraldiaurreko ohiko txapelketarekin irekiko du ikasturtea
Leizaran Eskubaloia Taldeak irailaren 13an, larunbata, Andoainen ospatuko du denboraldiaurreko gizonezkoen eskubaloi txapelketaren XIV. edizioa, herriko kirol egutegian jada finkatua dagoen hitzordua eta liga hasi aurreko lehen proba ofizialetako bat.
Partidak Allurralde kiroldegian eta Arrate pilotalekuan jokatuko dira egun osoan zehar. Guztira 16 taldek hartuko dute parte, infantil, kadete, jubenil eta senior mailetan. Guztira, 250 parte-hartzaile inguru espero dira, jokalari eta talde teknikoen artean, taldeei lagunduko dien zaleez gain.
Txapelketan Ordizia, Burlata, Egues eta Saieko klubek hartuko dute parte, Leizarango taldeekin batera. Antolakuntzatik azpimarratu nahi izan dute topaketa honen garrantzia, “indarrak neurtzeko, erritmo lehiakorra irabazteko eta partidu egunetako berezko giroa berreskuratzeko”.
Jardunaldia hau egiteko Javier Zeramikak, Otordu, Aspilla, Lixoné, Ernio Inmobiliaria, Camacho Construcción, Oianume, Urrats, Kaiku eta Pasquier enpresen laguntza jaso du Leizaranek. Era berean, Andoaingo Zumeatarra, Peña Santa Krutz eta Ontza elkarteek euren instalazioak jarriko dituzte taldeen bazkarietarako.
Antolaketaz, arbitrajeez eta sukaldeko lanez arduratuko diren boluntarioen lana ere azpimarratu nahi izan du klubak, ezinbestekoak baitira txapelketa aurrera ateratzeko.
Jardunaldia lehen orduan hasiko da lehen partidekin; finalak arratsaldean jokatuko dira eta 20:00ak aldera amaituko da sari banaketarekin.
Leitzaranek herritarrak Allurralde eta Arratera hurbiltzera gonbidatzen ditu, eskubaloiko egun oso batez eta giro onaz gozatzeko.