Talde andoaindarra final laurdenetaraino iritsi da ekainaren 25etik 29ra jokatu den txapelketa honetan
Leizaran McDonald’s eskubaloiko infantil nesken taldeak parte-hartze bikaina itxi du Granollers Cup 2025 txapelketan, Europako oinarrizko eskubaloiko nazioarteko txapelketarik garrantzitsuenetakoan. Txapelketa ekainaren 25etik 29ra bitartean jokatu da Kataluniako herri horretan, eta talde andoaindarra bertan izan da, iragan abenduan Andoain Cup 2024 txapelketan bertan parte-hartzeko txartela irabazi ondoren. Lau egun hauetan zehar Leizaran McDonalds taldea maila gorenean lehiatu da Infantil Nesken kategorian, 48 taldek osatutako multzo batean, eta final laurdenetaraino iritsi dira.
Andoaingo nesken taldea D multzoan kokatua zegoen eta 6 partida jokatu behar izan zituzten lehen fase honetan. Leitzaranek bost garaipen eta porrot bakarra batu zituen (9-10), eta, horrela, multzoko lehen postua eta final-zortzirenetarako txartela lortu zituen. Hain zuzen ere, hauek izan ziren talde horretako taldekako faseko emaitzak:
- 🟢 OAR Gràcia 12 – 18 Leizaran
- 🟢 H. La Salle Montcada-1 8 – 19 Leizaran
- 🟢 Leizaran 16 – 7 Hønefoss-2
- 🟢 H. Cardedeu 13 – 21 Leizaran
- 🔴 Leizaran 9 – 10 BM. Algirós-1
- 🟢 Asigna Gáldar BF-1 11 – 18 Leizaran
Gáldar kanariarren aurka lortutako garaipena (11-18) giltzarria izan zen, multzoko lehen postua eta final-zortzirenetarako zuzeneko pasea ziurtatu ziena.
Azken fasean, BM Zuazori 14-10 irabazita laurdenetaraino iristea lortu zuten andoaindarrek. Final laurdenetako fasean jada, etxeko BM Granollers-1 taldeak, txapelketako hirugarren postuan bukatuko zutenak, nagusi izan ziren, nahiz eta markagailuak ez zuen desitxuratu Leizarango neskek egindako txapelketa handia: BM Granollers-1 23 – 14 Leizaran.
Finala AEH L. Franqueses taldeak irabazi zuen, eta bigarren postua Basaurik lortu zuen, Leizaranek ondo ezagutzen duen taldeak. Azken denboraldi honetan Euskadiko Txapelketan elkarren aurka jokatu zuten Basaurik eta Leizaranek, Basaurikoak izanik txapeldunak eta Andoaingo neskak azpitxapeldunak.
Emaitzaz haratago: agur hunkigarria
Granollers Cup txapelketan parte hartzea, kirol arrakasta izateaz gain, esperientzia ahaztezina izan da jokalari hauentzat. Izan ere, talde gisa elkarrekin jokatu dituztenazken partidak izan baitira askorentzat. Datorren denboraldian etapa eta erronka berriak zabalduko zaizkie kadete mailan.
Malkoak begietan eta harrotasun irribarreak lagun, denboraldi bikaina borobildu dute Leizaran McDonald’s Infantileko jokalariek.