- Talde andoaindarra porrotik jaso gabe mantendu da txapelketa osoan zehar eta bere atezaina, Julen Zubeldia, maila honetako jokalari onena izendatu zuten
- Gizonezkoen infantilez gain, Leizaran Eskubaloiko beste bost talde eta ia ehun jokalari bertaratu ziren Soriako herri horretara, Aste Santuko ohiko txapelketa jokatzera
Leizaran Eskubaloiko infantil mutilen taldea Villa de Ágreda XX. Eskubaloi Txapelketa Nazionaleko txapelduna izan da. Apirilaren 2tik 5era bitartean ospatu den txapelketako partida guztiak irabazi ditu talde honek. Gainera, eta parte-hartze bikain hau azpimarrateko, Julen Zubeldia atezaina maila honetako jokalari onena izendatu zuten. Infantil mutilen taldeak lortutako tituluaz gain, Leizarango jubenil mutilen taldeak lortutako bigarren postua eta infantil nesken taldeak lortutako hirugarrena ere aipagarriak dira. Bestalde, kadete neskek bosgarren postuan amaitu zuten, jubenil neskek seigarren postuan eta kadete mutilek zazpigarrenean. Andoaingo kluba sei taldek ordezkatu dute Aste Santuko ohiko txapelketa honetan —infantil, kadete eta jubenil kategorietan bina talde, emakumezkoetan zein gizonezkoetan—, ehun jokalari inguru mugituz, talde tekniko eta zale ugarirekin batera.
Soria, Aragoi, Kantabria, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Austriatik etorritako 36 taldek eta 650 jokalarik parte hartu dute Aste Santuko txapelketa tradizional honen hogeigarren edizioan. Txapelketak iraun duen hiru egunetan, Ágreda, Ólvega eta Tarazonako pistetan jokatu dira 72 eskubaloi partida, joko-giro eta taldeen eta zaleen arteko kirol-elkarbizitza ezin hobean.
Aurten infantil mutilen taldea izan da, zalantzarik gabe, txapelketako protagonista nagusia, partida guztiak irabazi ondoren sari nagusiarekin itzuli baita etxera. Ágredaren, Lizarreriaren (Nafarroa) eta Urdaibairen (Bizkaia) aurkako garaipenek zuzenean eraman zuten finalera, Tarazonaren aurka jokatu zutena. Neurketa oso lehiatua izan zen, baina azkenean Andoaingoek 26-22 irabazi zuten, eta horrek jokalarien eta lepo zegoen harmailetako zaleen ospakizuna piztu zuen. Bi urte eskaseko ibilbidea duen talde honek hazkunde nabarmena erakutsi du, talentua, esfortzua eta talde espiritua uztartuz.
Gizonezkoen jubenil mailan lau talde lehiatu ziren. Leizaranek garaipen argia lortu zuen Urdaibairen eta Torrelavegaren aurka, baina ezin izan zien Tarazonako jokalariei irabazi. Finalean, berriz ere talde honen aurka aritu ziren eta 30-9 irabazi zieten. Aurkari indartsua, txapelketa osoan zehar bere nagusitasuna erakutsi zuena.
Leizarango infantil neskek ere euren indarra erakutsi zuten kantxan. Guztira zazpi taldek neurtu zituzten indarrak kategoria honetan. Andoaindarrak Soriako BM Atalaya eta Bathco Torrelavegari irabazi ondoren iritsi ziren finalerdietara, baina ezin izan zuten Urdaibaiko neskekin. Zumaiako Pulporen aurka hirugarren postua lortzeko borroka oso parekatua egon zen, 15na berdindu baitzuten. Penalti jaurtiketetan Andoaingoak nagusitu ziren gol baten aldearekin.
Bestalde, kadete neskek azkenaurreko postuan bukatu zuten Torrelavegaren aurka garaipen bat, Urdaibairen aurka berdinketa bat (26-26) lortu eta Lizarreriaren aurka galdu (21-26) ondoren. Azkenik, jubenil neskek seigarren postuan amaitu zuten eta kadete mutilek zazpigarrenean.
Emaitzetatik haratago, Leizaran Eskubaloi Taldeak oso balorazio positiboa egin du txapelketan izan duen parte-hartzeari buruz. Izan ere, horrelako lehiaketek bere kirol- eta prestakuntza-proiektua sendotzen laguntzen dute, eta, aldi berean, bizikidetza sustatzen dute, bai jokalarien eta klubeko talde teknikoaren artean, bai beste leku batzuetako taldeekin.





