Euskal Ligara igotzeko faseko partidak jokatuko dute kadete nesken eskubaloi taldeek asteburu honetan, Andoainen. Allurralde kiroldegian izango dira partidak, ostiraletik igandera. Zehazki, lehen multzoan kokatutako lau talde ariko dira nor baino nor, Euskal Ligarako igoera postuetako bat eskuratzeko lehian.
Urdaibaik, Muskizek, Bera Berak eta Leizaranek elkarren aurka jokatuko dute hiru jardunaldi hauetan. Sailkapenik onena lortzen duten hiru taldeek Euskal Ligara igotzea lortuko dute.
Lehiaketa ostiralean (urtarrilak 23) hasiko da, 18:00etan, Urdaibai eta Muskizen arteko norgehiagokarekin. Ondoren, 19:30ean, Leizaranek Bera Beraren aurka neurtuko ditu indarrak. Larunbatean (hilak 24), 15:00etan hasiko da jardunaldia Bera Bera eta Urdaibairen arteko partidarekin; ondoren, 18:15ean, Leizaran eta Muskizen arteko norgehiagoka izango da ikusgai.
Igandean (urtarrilak 25) jokatuko dira azken partida erabakigarriak: 9:30ean Muskiz eta Bera Bera aurrez aurre izango dira, eta 11:00etan Urdaibai eta Leizaranen arteko norgehiagokak itxiko du fasea.
Leizaran Eskubaloiak zale guztiak animatu nahi ditu egunotan Allurralde kiroldegira hurbiltzera jokalari andoaindarrei harmailetatik babesa emateko. Bestalde, nabarmendu beharra dago Leizarango talde hau denboraldi bikaina egiten ari dela, eta joan den asteburuan Gipuzkoako txapeldun titulua eskuratu zuen.