Basque Country International Cup lehiaketaren baitan Euskal Selekzioak eta Finlandiako selekzio nazionalak bi partida jokatu dituzte egunotan: bata Zarautzen eta bestea, Andoainen. Euskal federazioak adierazi duen bezala, norgehiagoka hauen helburua da ”gure jokalarien talentua erakusteaz gain, eskubaloiaren bidez nazioarteko zubiak eraikitzen jarraitzea”.
Andoaingo norgehiagokan, harmailak erabat beteta zeuden eta giroa ezin hobea izan zen. Zaleek maila handiko eskubaloiaz gozatu zuten, intentsitate, emozio eta jokaldi bikainekin. Emaitza gutxienekoa bazen ere, Euskal selekzioak bereganatu zuen garaipena azken unean ate batetik besteraino sartutako gol ikusgarri bati esker.
Partidaren amaieran, jarraitzaile asko jaitsi ziren pistara jokalariekin argazkiak ateratzera, partidu osoan zehar izandako gogoa islatuz
Zarautz Eskubaloia eta Leizaran Eskubaloia kluben konpromiso eta lankidetzari esker egin ahal izan zen ekitaldia, baita Zarautz eta Andoaingo udalen laguntzari esker ere. Horrez gain, ekimenak jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren, Basque Team-en, EKFB-ren eta Federazioaren babesle nagusien —Allianz, Adartia Grupo Alkora eta Hummel— sostengua.