• Leizaran Eskubaloi Taldeak antolatzen du txapelketa, Andoaingo Udalaren eta Granollers Cupen laguntzarekin, eta abenduaren 26an, 27an eta 28an jokatuko da
  • Talde irabazlearentzako saria hurrengo Granollers Cup txapelketan (Europa hegoaldeko nazioarteko eskubaloi txapeleta nagusiena) parte hartzeko txatela eta egonaldia izango dira

Lehenengo bi edizioetako arrakastaren ondoren, Leizaran Eskubaloi Taldeak III Andoain Cup antolatu du, Andoaingo Udalaren eta Granollers Cup-en laguntzarekin. Txapelketa hau infantil kategoriari zuzenduta dago eta bere helburua beheko mailen artean emakumezkoen eskubaloia bultzatzea da. Txapelketa abenduaren 26an, 27an eta 28an jokatuko da eta aurten Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko 19 talde eta 350 jokalari inguru elkartuko dira, beren talde tekniko, senide eta zaleekin batera gerturatuko direnak. Talde irabazlearentzako saria 2026ko ekainean egingo den Granollers CUPen parte hartzeko txartela (egonaldia barne) izango da. Granollers Cup, Europa hegoaldeko nazioarteko eskubaloi txapelketa garrantzitsuenetarikoa da, urtero 6.000 gazte inguru biltzen dituena.

Andoain eskubaloiko erreferentziazko leku izango da berriro ere, III Andoain CUPen parte hartuko duen infantil mailako ehunka neskatoei esker. Iaz bezala, helburua da “emakumezkoen eskubaloia bultzatzea oinarrizko kategorietan, eta kluben, teknikarien, kirolarien eta zaleen arteko harremanak sustatzea”, azaldu dute klubetik. Iaz parte hartu zuten taldeek balorazio oso ona egin dute eta horregatik erabaki du Leizaran klubak ekitaldi hau antolatzen jarraitzea. Iaz 24 taldek bisitatu zuten Andoain, eta final oso lehiatu baten ostean, Leizaran McDonalds etxeko taldea izan zen txapelduna.

Txapelketak dirauen hiru egunetan, Allurralde kiroldegian eta Arrate pilotalekuan jokatuko dira partidak. Emaitzak puntualki argitaratuko dira Leizaran klubaren webgunean, sare sozialetan eta partidak jokatzen diren kantxetan. Talde irabazleak 2026ko ekainean Granollersen (Bartzelona) egingo den Granollers Cup txapelketan parte hartzeko txartela lortuko du. Sarian barne daude txapelketaren izen-ematea, ostatua, mantenua eta txapelketan zehar egon litezkeen joan-etorriak. Granollers Cup urtero egiten den Europa hegoaldeko Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa nagusienetako da.

Txapelketaren hiru egunetarako egutegia dagoeneko egina dago, beraz, partidak honela geratzen dira:

Hilaren 26an, lehen faseko lehen 22 partida jokatuko dira egun honetan, Arrate pilotalekuaren eta Allurralde kiroldegiaren artean. Hauek izango dira indarrak neurtuko dituzten taldeak: Hernani Akola (Hernani), Zalla Taberna Pulpo EK (Zumaia), Malkaitz (Burlata), Aloñamendi Lana Zuria (Oñati), Lizarreria (Lizarra), Leizaran Urkabe (Andoain), Mundarro (Astigarraga), Aloñamendi Lana Laranja (Oñati), Muskiz 2012 Urdina (Muskiz) eta BM Noain (Noain). 10 taldeetatik 8 bigarren fasera igaroko dira, hilaren 28an jokatuko dena.

Aurreko egunean bezala, txapelketako bigarren egunean (abenduak 27) lehen faseko gainerako partidak jokatuko dira, beste 22. Oraingo honetan hauek izango dira lehian arituko diren taldeak: Leizaran McDonalds (Andoain), Aiala B ZKE (Zarautz), Eskubaloia Basauri 2012 (Basauri), BM San Juan Rojo- Donibane Gorria (Iruñea), Saieko Mimai Estetika (Donostia), Aiala A ZKE (Zarautz), Eibar Infantil A Neskak (Eibar), BM San Juan Verde-Donibane Berdea (Iruñea), Zuazo Infantil (Barakaldo). 8 talde, hurrengo egunean bigarren fasea jokatzen jarraituko dute.

Hilaren 28an, txapelketaren azken egunean, goizean bigarren faseko partidak jokatuko dira Arrate pilotalekuan eta Allurralde kiroldegian aldi berean. Arratsaldean, berriz, final-zortzirenak jokatuko dira bi kantxetan. 17:30etik aurrera, final-laurdenetako, finalaurreko eta finaleko gainerako partidak Allurralde kiroldegian jokatuko dira, eta final handia 20:00etan izango da.

Guztira, txapelketak iraungo duen hiru egunetan 83 partida jokatuko dira. Kirol egitarau bizi-bizi hau laguntzeko, Andoaingo kaleak jai giroz beteko dira DJ Nemuxen animazioari esker. Horrez gain, hainbat zozketa egingo dira enpresa babesleek emandako produktuekin, eta taberna txiki bat jarriko da Allurralderen sarreran, zaleei mokadutxoak eskaintzeko. Leizaran Eskubaloi Taldeak bereziki eskertu nahi du Andoaingo Udalak eta Granollers Cup-ek txapelketaren antolaketan emandako laguntza, baita Laboral Kutxa, Andoain McDonalds, Urkabe, La Gula del Norte, Insalus, Pasquier, Lixoné eta Cafés Baquéren ekarpena.

Andoain esta eskubaloia

70eko hamarkadaren amaieran Leizaran Eskubaloi Taldea sortu zenetik, Andoain beti egon da kirol honi lotuta. Andoain Cup-en ospakizunarekin beste urrats bat eman zen herria eskubaloi txapelketen zirkuituan sartu eta kirol egutegien urteroko erreferentziazko hitzordu bilakatzeko.

Bestalde, iaz ireki zen lehen aldiz Eskubaloi Eskola, alebin kategoriari zuzendua, eta aurten harago joan da, eta benjamin mailara ere zabaldu du eskaintza. Horrela, gaur egun 8 eta 11 urte bitarteko 72 neska-mutil andoaindarrek eskubaloia praktikatzen hasi ahal izan dute. “Aspalditik entzuten ari ginen eskaera bati erantzuna eman nahi genion, eta badirudi harrera oso ona izan duela”, azaldu dute klubetik.

Gaur egun, benjamin eta alebin mailez gain, Leizaran eskubaloi taldeak 204 jokalari ditu, gainerako kategorietan jokatzen dutenak, infantiletatik seniorretara. 30 entrenatzaile eta teknikariak astero trebatzen dituzte jokalariak. Gainera, klubarekin erabat inplikatutako 20 boluntario baino gehiagoko sarea du.